Galdakao eta ospitalearen arteko lanak berriz lizitatuko ditu ETSk
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Bizkaiko Foru Aldundiaren artxibotik
Hasierako proiektuan kalkulu-akats batzuk antzeman ondoren, Galdakaoko erdigunearen eta Usansoloko ospitalearen arteko Metro zatiaren lizitazioa bertan behera utzi zuen Euskal Trenbide Sareak. Orain berriz lizitatuko duela iragarri du, aurrekontuan 3,5 milioi euroko igoerarekin.
Euskal Trenbide Sareak (ETS) Metroaren 5. linea eraikitzeko lanen lizitazioa bertan behera uztea erabaki zuela ezagutzera eman zuen duela aste bi. Binkek jaso zuen moduan, «prezioek gora egin dutenez, eta lizitazioaren oinarrizko aurrekontua kalkulatzean akats bat gertatu denez —kontratua finantzatzeko aurrekontu partida eskasa izan omen da—, sozietate publikoak lehiaketa kentzea» erabaki zuen.
Orain berriz lizitatuko duela iragarri du ETSk, aurrekontuan 3,5 milioi euroko igoerarekin. Guztira, 62 milioi euroko aurrekontua izango dute lanek honen arabera.
El Correo egunkariak adierazitakoaren arabera, honen ondorioz «obretan izango den atzerapena ez da esanguratsua izango», epe luzea aurreikusita zegoelako. ETS eta Eusko Jaurlaritzaren arabera, Metroa 2027an helduko da Galdakaoko erdigunera.