Galdakaoko Udaleko langileen soldata %2,5 igotzea adostu du udalbatzak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Pasa den eguenean, otsailak 23, hilabete honetako osoko bilkura egin zuen Galdakaoko udaltzabak. Besteak beste, Udaleko funtzionarioen eta lan kontratuko langileen soldata %2,5 igotzea adostu zuten, aho batez.
Hainbat erabaki hartu zituzten Galdakaoko udabaltzeko taldeek pasa den ostegunean, otsailak 23, udal osoko bilkuran. Haien artean, Udaleko langileentzat soldata igoera onartu zuten, aho batez. Udaleko funtzionarioei eta lan kontratuko langileei eragingo die igoerak eta % 2,5ekoa izango da.
Halaber, Martxoaren 8an ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira Eudelek proposatutako adierazpena eta Immigrazio eta Kultura arteko Bizikidetza Plana onartu zuten aho batez ere.
Bestalde, Binkek jaso zuen moduan, auzokideen kexen harira Udal Gobernuak ondarearen katalogoa bertan behera uztea erabaki zuen eta egueneko udalbatzan ildo honetan jarraitu eta katalogoaren onarpena artxibatzea adostu zuten. Gobernu taldeko hamabi kideen aldeko boto jaso zuen neurriak eta oposizioaren aldetik zortzi abstentzio. Udalaren hitzetan, «eztabaida luzea eragin du gaiak osoko bilkuran, eta amaieran herritarrei parte hartzeko ematen zaien aukeran ere luze aritu dira eztabaidan».
Iñigo Hernando alkateak hartu zuen hitza eztabaidaren ostean, elkar ulertzerako deia egiteko. «Auzokideei informazioa ez zaiela behar bezala eman» aitortu zuen, eztabaida politikoa onartu zuen, baina «zinegotzien bizitza pertsonala eta familiarra errespetatzea marra gorria dela» azaldu zuen eta Olaia Parra zinegotziari babesa adierazi zion.