Hondakinen bilketa neumatikoa Kolitza Mendi kalera iritsiko da laster
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Lapurdi eta Bizkai kaleen artean dagoen Kolitza Mendi kale galdakoztarrak ere, udalerriaren erdiguneko gainontzeko kale askok bezala, aurki ezagutuko du lurrazpiko hondakinen bilketa sistema berria. Ez dira, ordea, inguru honetan egingo diren hobekuntza bakarrak.
Urteak dira Galdakaoren erdiguneak hondakinen bilketa neumatikoa ezagutzen duenetik. Eta zaborrak batzeko sistema hau udalerriko eremurik zabalenera hedatzea da Udalaren asmoa. Bide horretan, erdiguneko beste kale batera iritsiko da laster: Lapurdiko biribilgunearen eta Bizkai kalearen artean dagoen Kolitza Mendi kale galdakoztarrera.
Hala iragarri zuen Galdakaoko erakundeak urriaren 4an, komunikabideetara bidalitako ohar baten bidez, zeinetan zera adierazten zuen: «Sistema ezartzeko kalean egin beharreko obrak abenduan amaituko direla aurreikusten da». Lurrazpiko lanez ari da adierazpen horretan Udala. Bilketa neumatikoan ezagunak diren buzoiak berriz otsailean jarriko dituzte.
Gainera, lanak inguru horretan beste hobekuntza batzuk ere egiteko baliatuko direla adierazi du Galdakaoko Udalak ohar berean: «Gorbea Mendi kalean edukiontziak kenduko direla aprobetxatuta, handitu egingo da espaloia, Urreta eskolaren ondoan. Zuhaitz batzuk ere ipiniko dira, eta gune atseginagoa bihurtuko da. Argiteria ere aldatuko da kale horretan. Eskolaren aurreko eraikinean altuera handian dauden argiak kendu, eta beherago jarriko dira argi berriak, sortuko den espaloian».