Indarkeria matxistaren aurreko arreta koordinatzeko protokoloa lantzen ari da Galdakao
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Indarkeria matxistaren aurrean erantzun «integral eta koordinatua» emateko helburuz, Indarkeria Matxisten Protokoloa lantzen ari da Galdakaoko Udala bigarrenez, Udaltzaingoarekin, Ertzaintzarekin eta Osakidetzarekin elkarlanean. Protokoloa sortzeko talde eragile bat eratu da ikuspegi diferenteetako adituekin, eta lehen saioa pasa den astean egin zuten, Galdakaoko udaletxean.
Bigarrenez, Indarkeria Matxisten Protokoloa sortuko du Galdakaoko Udalak eta honezkero hasi du prozesua. Aurrekoan bezala, hainbat eragilerekin batera eratuko du, Udaltzaingoarekin, Ertzaintzarekin eta Osakidetzarekin batera hain zuzen.
Protokoloaren helburua erantzun integral eta koordinatua ematea izango da eta horretarako talde eragile bat sortu dute ikuspegi ezberdinetako adituekin. Talde honek pasa den astean egin zuen lehen bilera udaletxean eta aditu bakoitzak eraso matxisten aurrean zer-nolako kudeaketa egiten duen azaldu zuen.
Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak eta Amets Iturbe Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak egin zieten harrera parte hartzaileei, elkarlana eskertuz.
Aurrerantzean, gaiaren arabera, beste eragile batzuek ere parte hartuko dutela aurreikusten da: Gazteria Arloak, herriko ikastetxeek, pediatrek eta abar.
Beste sei saio egingo dira eta bigarren, hirugarren eta laugarren saioak gogoeta saioak izango dira eta hainbat gai jorratuko dira, besteak beste, lege berriaren eguneraketa, indarkeria matxistaren biktima diren ama-alabak, edota erreparazioaren printzipioa indarkeria matxistaren biktimei.
Entzute saioa izango da bosgarrena, erreparazioari lotuta. Azken bi saioak ordea, protokolorako dokumentua sortzeko eta kontraste lana egiteko izango dira.