Inoiz ez doguz gure lurreko produktuak hain eskura izango | Publierreportajea
Eguenero Galdakaoko Agirre Lehendakariaren plazan antolatzen dan Gure Lurreko Merkatuko ekoizleak inguruko baserrietatik zuzenean datoz gurera, inongo bitartekari barik.
ARGAZKIAK: Jabi Rojo
TESTUA: Jon Gomez Garai
Jaten doguna gara, holan dino baieztapen ezagunak, eta holan daki gure gorputzak be. Baina gainera, osasuntsu eta modu arduratsuan kontsumitzeak ez deutso bakarrik gure gorputzari mesede egiten, gure lur amari eta gure komunitate osoari be on egiten deutsolako.
Horren jakitun eta horixe bera sustatzeko asmoagaz jaio zan Gorbeialde Landa Garapenerako Alkartea. Erakunde honek lehenengo sektoreko eta gure inguruko ekoizleen baldintzak bermatu, zaindu eta zabaldu gura dauz. Horretarako ekintza asko egiten ditu ekoizleentzako, ekoizleekaz eta kontsumitzaileekaz. Ekintza horrein artean dago Gorbeialdek Galdakaoko Udalagaz batera maiatzaren 12an, eguena, martxan jarri ebana: ordutik aurrera, eguenero, dozena erditik gora ekoizle dator gurera, Agirre Lehendakariaren plazako arkupeetan jartzen daben merkatura.
Ekoizle guztiak Gorbeialde eremukoak dira, eta eremu horretan sartzen da Galdakao bera be. Holan ba, eguenero Gure Lurreko Merkatura datozen ekoizle guztiak Galdakao inguruko herrietatik datoz, baita Galdakaotik bertotik be: Artola okindegia.
Artolako kideakaz batera astero datoz Ainara Luke Larrabetzutik —barazkiak—, Eneko Serrano Orozkotik —ardi gaztaia—, Urigoitiko lagunak Orozkotik —txorizoak—, Arteako Herriko Bentakoak —barazki agroekologikoak—, Gastaka Orozkotik —euskal pastela eta gozokiak—… Hilean birritan datozenak be badagoz, esaterako: Delikaetxe Elorriotik —oilo salda eta hanburgesak—, Baskones Dimatik —eztia—, Mimintzepe baserria Igorretik —barazkiak, marmeladak eta zukuak—, Andoni Padilla Otxandiotik —ardi gaztaia—, La Gilda del Norte Lezamatik —gildak eta piparrak—, Zamudioko Landatik —karakolak— eta Jagoba Galarza Arteatik —barazkiak—.
Danak etxekoak. Danak dira zuzenean gure lurretik jaso eta gure ekoizleen eskutik zuzenean gurera ekarriko dabenak.