Irati Bediagak «Etxetik ospa» liburu berria kaleratu du
Literatura
BINKE / 2021eko maiatza
Irati Bediagak «Etxetik ospa» liburu berria kaleratu du
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Irati Bediaga idazle galdakoztarrak eta Binkeren ohiko kolaboratzaileak bere bigarren liburua kaleratu du gaur, «Etxetik ospa»; salgai dago honezkero.
Gutxitan argitaratzen du Irati Bediaga idazle galdakoztarrak bere sare sozialetan. Baina egiten duenean, zerbait kontatzeko da. Eta gaurkoan ez du izan edozein kontu hizpide: sareetako ateak ireki ditu «Etxetik ospa» bere liburu berria argitaratu duela iragartzeko.
Elkar argitaletxearekin kaleratu du bere azken lana Binkeren ohiko kolaboratzaileak, bere bigarren argitalpena, eta 10 euroko prezioan dago argitaletxearen webgunean dagoeneko salgai.
Liburua bere aitari eskaini dio, eta hala kontatu du bere Facebook-en kontuan: «Alde egin baino lehen esan nizun argitaratuko nuela ta irribarre egin zenidan. Oso-osorik zuri eskainia aita!». Fernando Bediaga zuen idazleak aita, euskaltzale galdakoztar ezaguna, eta iazko azaroan zendu zen.
Hauxe da «Etxetik ospa» liburuaren sinopsia:
Hamalau urteko Nahiak, amaren agintekeriaz nazkatuta, etxetik joatea erabakitzen du. Herrian bertan bizi eta ezagutzen ez duen aitaren bila joango da, amak ohartarazi dion arren inoiz ez duela berarekiko inolako interesik agertu. Horrenbestez, bere erabaki propioak hartuz, bere burua ezagutzen hasiko da Nahia.
Edonola, lagunekin elkartu eta konturatuko da gurasoekin haiek dituzten harremanak ere ez direla uste bezain onak. Aurrerantzean ahaztuko ez duen ikasgaia jasoko du amarengandik urrun: zaindu maite duzun hori.