Itziar Atienza galdakoztarra EiTB prestatzen dabilen telesail berrian ari da
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: EiTB
El Internado telesail espainiar ezagunaren zuzendaria euskarazko fikziozko telesail berria zuzentzen ari da egunotan, Jon Plazaola urretxuarra eta Itziar Atienza galdakoztarra protagonista dituela, besteak beste.
EiTB euskarazko telesail berri bat prestatzen ari da. Irailaren 1ean, osteguna, zortzi ataleko fikzio bat filmatzen hasi zen euskal telebista publikoa, eta 2023an estreinatuko da. Surf eskola batean girotuta, Jon Plazaola urretxuarra, Nerea Mazo bilbotarra eta Itziar Atienza galdakoztarra izango ditu protagonista. Beraiekin, besteak beste, Jon Mendia eta Nerea Garmendia ere izango dira.
Ebak (Nerea Mazo) 17 urte ditu eta Mexikon bizi da. Hala ere, ama hiltzean, Euskadiko kostaldeko herri batera joan behar du bere aita Mikelekin bizitzera (Jon Plazaola). Mikel surfeko txapeldun ohia da, eskola txiki bat du, eta Ebaren aita izan arren, alabak ez du Mikel ezagutzen. Aldiz, elkarren oso desberdinak izanda ere elkar ulertzera behartuta egongo dira.
Aktore galdakoztarrak ordea Eleneren papera egingo du. Mikelen bikotekide ohia da Elene, eta Ebaren ama. Hala kontatu dio Atienzak Binkeri. Beraz, galdakoztarraren paperak zeresan handia ekarriko du serie berri honetan…
Proiektu berri hau Antonio Díaz Huerta ari da zuzentzen, besteak beste, honako telesail hauen zuzendaria: «Estoy Vivo» (RTVE), «Noche de chicas» (Disney Plus+) eta «El Internado» (Antena 3). Ekoizpenaz egoitza Galdakaon kokatuta duen K2000 ekoizpen etxea arduratuko da. Datorren urtean ikusi ahal izango dugu Itziar Atienza aktore galdakoztarra, oraindik bere izena ez dakigun eta zortzi kapituluz osatuta egongo den telesail berri honetan lanean.