Bazek eta Olazabalagak masterclass bana eskainiko dute Ostalaritza Eskolan
Sukaldaritza
BINKE / 2022ko urtarrila
Julen Bazek eta Josemi Olazabalagak masterclass bana eskainiko dute Ostalaritza Eskolan
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Sukaldarien sareetatik
Julen Baz Michelin izar berriak eta Josemi Olazabalaga goi-mailako sukaldari galdakoztarrak masterclas bana eskainiko dute Galdakaoko Ostalaritza Eskolan datorren urtarrilaren 19an eta 20an. Edonork dastatu ahal izango ditu menuok, zelan jakin gura?
Datorren urtarrilaren 19 eta 20an, Julen Baz eta Josemi Olazabalaga goi-mailako sukaldariek —hurrenez hurren— masterclass bana eskainiko dute Galdakaoko Ostalaritza Eskolan.
Saio bi hauek eskolaren Jardunaldi Gastronomikoen baitan kokatu dituzte, eta azaroan Zuriñe García goi-mailako sukaldari galdakoztarrak eskainitako saioaren antzera antolatuko dituzte hauek ere —Garcíaren saioaren berri ere eman zuen Binkek, hemen irakur dezakezu berria argazki bildumaz lagunduta—:
Goizeko lehenengo orduan, ikasgelan bertan, sukaldariek goizean zehar prestatuko dutena azalduko diete ikasleei, ostean sukaldera jaitsi eta eguerdian eskainiko dituzten jatorduak prestatzeari ekiteko.
Jatordu horiek, gainera, herritarrek ere dastatu ahal izango dituzte bi egunetan 14:00etan, aurretik 944 576 077 telefono zenbakira deituta eta menu berezi bakoitzeko 24€ ordainduta. Sukaldaritzako ikasleek egingo dituzte menuok, sukaldari izarrekin batera, eta zerbitzuko ikasleek zerbitzatuko dituzte ostean.
Hauxe izango da egun bakoitzean eta sukaldari bakoitzarekin bertaratutakoek dastatuko duten menua, sukaldari gonbidatuek proposatu bezala:
Julen Baz sukaldariarekin
Urtarrilaren 19an, eguaztena
Steak tartarra
Xangurro-kalabaza
Legatza saltsa berdean
Usakume-tiroa
Sagarra eta intsusa
Josemi Olazabalaga sukaldariarekin
Urtarrilaren 20an, eguena
Ganba zuriko tartarra, itsas triku eta guakamole emultsioarekin
Txipiroi tailua tinta-beloarekin eta kalabaza-ali-oliarekin
Hezurrik gabeko behi-buztana pikillo marmeladaren eta hur izurritearen gainean
Mandarina krematsua eta hainbat ukitu
—————
Julen Baz (Zornotza, 1988) Dimako Garena jatetxeko bazkide eta sukaldari burua da, Eneko Atxa bere herrikidearen ikasle izandakoa eta Garenak pandemia betean egindako urte eta erdian bere lehenengo Michelin izarra lortu duen sukaldari iraultzailea.
Josemi Olazabalaga (Galdakao, 1968) Bilboko Aizian jatetxeko sukaldari burua da, Michelin izarrak ere eskuratu zituena Galdakaoko Andra Marin eta Ferran Adriáren El Bulli jatetxeetan. Gainera, goi-mailako sukaldari gazte askoren irakasle ere izan da Olazabalaga, tartean Eneko Atxarena, Zuriñe Garcíarena eta Manu Jugorena. Azken bi hauek, galdakoztarrak —Manu Jugorekin batera portadako elkarrizketa izan zen Josemi Olazabalaga 2016ko martxoan—.