Kirol Bonoa apirilaren 24tik eskatu ahal izango da, 10€ ordainduta 20 euroko balioan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Charnchai
‘Kirola hurbilago’ lemapean, bueltan datoz Kirol Bonoak Galdakaora eta apirilaren 24tik aurrera eskuratu ahal izango dira. Hauetako bakoitzarekin, erabiltzaileak 10€ ordainduta 20 euroko balioa duen bonua jasoko du.
Herriko gimnasio eta kirol zentroetan erabiltzeko bonoak kaleratuko dituzte apirilaren 24tik maiatzaren 31ra bitarte Galdakaoko Udalak eta Gu Dendari elkarteak. «Kirola hurbilago» lemapean herritarren artean kirola egiteko ohitura sustatzeko eta udalerriko kirol zentroei bultzada emoteko helburuarekin jarriko dituzte bonuak herritarren eskura.
Gu Dendari elkarteko bulegoetan eskuratu ahal izango dira, Muguru plazako dendari elkartean ordutegi honetan: astelehenetan eta eguaztenetan 10:00etatik 14:00etara, eta martitzenetan eta eguenetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.
Bonu hauek kanpainara atxikitako udalerriko zentroetan erabili ahal izango dira. Erabiltzaileak 10 euro ordaindu, eta trukean 20 euroko balioa duen bonua jasoko du aipatutako bulegoetan. Pertsona bakoitzak, gehienez, hamabi bonu eskuratu ahal izango ditu eta ekainaren 16ra arte erabili ahal izango ditu.
Kanpaina honekin erabiltzaileak deskontu nabarmena jasoko du baina kirol zentroek bere osotasuna kobratuko dute, diferentzia hori Udalak ordainduko baitio zentroari. Bonuak kreditu txartelarekin ordaindu daitezke soilik.