Komunitateko arazoak konpontzeko bitartekaritza eskainiko du Udalak
Udal-zerbitzu berria
BINKE / 2022ko martxoa
Komunitateko arazoak konpontzeko bitartekaritza eskainiko du Udalak
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Binke
Auzokideen artean suertatu daitezkeen arazoak konpontzen laguntzeko, edota espazio publikoaren erabileran egon daitezkeen jarrera desegokietan esku-hartzeko, esaterako, doako bitartekaritza zerbitzua jarri du abian Galdakaoko Udalak. Zer egin laguntza hau behar izanez gero?
Ohikoak dira espazio publikoaren erabilera desegokiari lotutako zein auzokideen arteko eztabaidei lotutako konfrontazioak gurean. Horregatik, aurretik familiei eskaintzeko Galdakaoko Udalak duen bitartekaritza zerbitzuari, komunitateko arazoak modu baketsuan konpontzeko zerbitzua ere gehituko zaio orain.
Udalaren esanetan, «elkarbizitza hobetzen laguntzea helburu» duen zerbitzu honek, kasu mota askotan izango du esku-hartzea, arazo horretan inplikatutakoek hala eskatzen badute, esaterako: bizilagunen komunitate batean auzokideen artean suertatu daitezken arazoak; plaza, kale eta parkeetan izaten diren jarrera desegokiak; banku eta paperontzien zainketa eza; kale edana edota animaliak direla eta sortzen diren liskarrak; etxebizitzetako obrek, zaratek, maskotek… sortu ditzaketen arazoak… eta abar luze bat.
Doako zerbitzu hau erabiltzeko aurretik hitzordua eskatu beharko da horretarako lanean arituko den teknikariarekin, eta galdakoztar zein usansolotar guztientzako egongo da eskura. Horretarako, interesdunak Gizarte Zerbitzuetara deitzea baino ez du —94 401 05 45 telefonora— edo Pontzi Zabala 3 kaleko bulegoetara gerturatuta.