Kontxi Belandia bertsoz agurtu du Binkek
Gugan bego
Kontxi Belandia Lekue, euskaltzale eta bertsozalea
BINKE / 2020ko maiatza
Kontxi Belandia bertsoz agurtu du Binkek
TESTUAK ETA ARGAZKIA: Binke
Galdakaoko euskaltzaletasunak inoiz eman nahiko ez luken albistea eman zuen Binkek apirilaren 27an: Kontxi Belandia euskaltzalerik ezagun eta maitakorrena zendu zen. Horren harira, 2016ko urtarrilean egin zitzaion elkarrizketa nagusia ekarri zuen Binkek berriz gogora.
Albiste latza jakin eta jarraian, egunero goi-mailako bertsolarien bideo-bertsoak argitaratzen joan zen hedabide hau, bertsolariei «Amama Kontxiren» omenez bertso bana kantatzeko eskatu ostean.
Hauexek argitaratzen joan izandako bertso guztiak, bideoz eta idatziz:
Aulkien lehen lerrotik
joan zara urruna
ta hain handi sentitzen da
zure hutsuna,
orain bertsoek sortzen
dute oihartzuna
ez adiorik Kontxi
entzule kuttuna,
zure begiradekin
ondu gaituzuna.
Maialen Lujanbio
Zeinen goxo ta euskaldun zinen
nik zelan azaldu taxuz?
Joan zara baina bertsolariak
gora begira daukazuz,
egunsentia datorrenean
bere eguzkiaren suz,
egon seguru amama Kontxik
agurtzen dauela mosuz!
Anjel Mari Peñagarikano
«Zuek osatzen nozue bertsoz»
nola burutik urrundu?
Bertsolaria mediku baten
pare jartzea… Ze mundu!
Baina oholtzatik jeitsi ta pasa
baino lehen 10 segundu,
zure «iupi!» ta zure musuez,
zuk sendatzen gintuzun gu.
Jone Uria
Egun gris baten albiste latza
iritsi da guregana.
Galdakaon zein inguruetako
bertso saioetan barna
faltan izango dogu baten bat
ordezkaezina dana,
lehen lerroan irribarretsu
adi egoten zan dama
Kontxi, guztion «amama»!
Etxahun Lekue
Bilbo, Basauri, Galdakao,
Zornotzan edo harago
gu oholtzatik noiz jetxiko
emakume bat zain dago.
«Ene pitxin!», «Gora Euskadi!»
ta bi masailak abaro
horrelakorikan berriz
ezingo dugu itxaro.
Amama Kontxi gogoan
izango dugu luzaro
aspaldian entzuna dut
—sinisten hasia nago—
aurrerantzean ez dela
ezer berdina izango.
Andoni Egaña
Zuk nahi zeunken lez, umorez,
ta azken hitzok samur gordez,
gaur ezpainak be zeugatik
pintatu ditugu morez.
Zuk nahi zeunken lez, umorez,
pintatu ditugu morez.
Adio, amama Kontxi,
mimosa arbola inarrosi
ta loratxu bat nahi dogu
zugatik paparrean josi.
Zugatik paparrean josi,
nahi dogu, amama Kontxi.
Miren Amuriza
Aurreko ilarako
ertzeko silletan
azkenak joaten ta
lehenak ailetan,
ze indarra Kontxiren
begi berdailetan
horren gozoa keinu
eta detailetan,
lore gorriak dira
bertsoan sailetan
zure ezpainen markak
gure masailetan.
Nerea Ibarzabal
Zuretzat izaten zan
lehen ilada,
zuretzat saio osteko
lehen besarkada.
Orain amama barik
gelditu gara.
Zenbat kartzelako lan,
zortziko handi…
zu guri ta gu zure
txaloei adi.
Beti arte amama
gora Euskadi!
Onintza Enbeita
Bihotza unibertsala,
mundiala fama,
«laztana» esan eta
barre baten xarma,
beti argi euskara
zala gure arma,
abertzale, euskaldun,
horixe zan ama,
euskal txori kantari
guztion amama!
Arkaitz Estiballes
Oholtzatik jaitsi ta itzaltzean
fokua ta altaboza,
amama Kontxi beti zeneukan
gertu berba aproposa.
Eskerrik asko azaltzearren
momentuaz nola goza
ta gora euskadi bat ta bi muxu
baino ez dela bizipoza.
Sustrai Colina