Korrikak badu bere batzordea eta denda Galdakaon
Euskara
BINKE / 2021eko abendua
Korrikak badu bere batzordea eta denda Galdakaon
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Barandiaran AEK Euskaltegia
Datorren urteko Korrikaren antolaketan parte hartzeko batzordea sortu da, eta bertan parte hartu gura duenak izena emateko aukera ere eskaini dute. Baina gainera, denda ere ireki du Korrikak Galdakaon.
Abenduaren 13an Korrikaren 22. edizioa antolatzeko lehenengo batzorde herritarra osatu zen, esparru desberdinetako euskaltzalez osatutakoa. Batzorde honen lana, eguneko korrikaldiaren beraren —oraindik ez da publiko egin zein herritatik pasako den egun bakoitzean— prestaketa koordinatzeaz gain, Korrika Kulturala antolatu eta arropa salmentaz arduratzea izango da.
Korrika Kulturala, ekimen honen bueltan eta Korrika herritik pasako den egunera begira motorrak berotzen joateko ekitaldien egitaraua da. Antzerkia, musika, zozketak, kalejirak… eta Korrikaren markaren babesean bestelako hamaika ekitaldi antolatzeko ardura ere izango du, bada, Korrikako batzordeak.
Batzorde hau arropen salmentaz ere arduratzen hasi da, eta horretarako Galdakaoko Udalak ESAN bulegoaren ondoko lokal hutsa —Bilbo kalea, 4— erabili ahal izango du, Korrikako denda bezala erabili ahal izateko. Baina horretaz gain, Torrezabal Kultur Etxean antolatutako ekitaldiak baliatuz, eraikinaren kanpoaldean ere izango dira batzordeko kideak Korrikaren arropa saltzen.
Korrika denda Galdakaon
Bilbo kaleko dendan:
Abenduak 22 eta 23
17:00 – 19:30
Abenduak 24
12:00 – 14:00
Torrezabal Kultur Etxean:
Abenduak 23
16:00 – 19:00
Abenduak 26
17:30 – 20:00
Batzordean parte hartzeko
barandiaran@aek.eus
* Usansoloko batzorde herritarra osatzeko deialdia Gabonen ostean egingo dela azaldu dio AEK-k Binkeri.