Korrikaren 23. edizioa barikuan aurkeztu zuten Usansolon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: AEK
Martxoaren 21ean helduko da 23. Korrika gure herrietara eta euskararen aldeko ekimenaren xehetasun gehiago emateko helburuz, aurkezpena antolatu zuen AEK-k barikuan, urtarrilak 26, Usansolon. Ehun pertsona inguru batu ziren ekitaldian eta aurretik tailerretan parte hartzeko aukera izan zuten umeek.
Irunen hasiko da 23. Korrika martxoaren 14an eta Baionan amaituko da hilaren 24an. Tartean, Euskal Herriko hainbat txokotatik igaroko da, baita Galdakaotik eta Usansolotik ere, AEK-k ezagutzera eman zuenez.
Gure herrietatik martxoaren 21ean igaroko da euskararen aldeko ekimena eta hainbat auzotan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek, BINKEk jaso zuen moduan.
Usansolon Korrikaren harira egingo denaren nondik norakoak azaltzeko, aurkezpena egin zuten barikuan, urtarrilak 26, Oinarin Dantza Taldearen lokalean.
Ekitaldi umoretsua izan zen eta ehun bat pertsona batu ziren. Galdakaon bezala, Jon Olea Galdakaoko AEK-ko irakaslea eta Ander Chamizo galdakoztarra izan ziren hitzorduaren aurkezleak.
Haien eskutik hainbat datu ezagutu ahal izan zituzten usansolotarrek, besteak beste, omenaldia Azterketak Euskaraz plataformari zergatik egin dioten eta ibilbidea nondik nora igaroko den.
Aurkezpen ekitaldiaren aurretik AEK-k eta Usansoloko ludotekak umeentzako tailerrak antolatu zituzten eta 23. Korrikaren arropa ere jarri zen salgai.