La Industrial Teatrera konpainiak ‘Herencia’ ikuskizuna eskainiko du zapatuan Torrezabalen
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: La Industrial Teatrera
Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa gelak ‘Herencia’ antzezlana hartuko du zapatuan, otsailak 3. La Industrial Teatrera konpainiak eskainiko du clown ikuskizuna, Jordi Purtíren zuzendaritzapean.
Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusia hobetzeko lanak egiten ari dira eta irauten duten bitartean, ikuskizunak erakusketa gelan antolatu ditu Galdakaoko Udalak. Egitarau zabala prestatu du apirilera bitarte eta zapatuan, otsailak 3, La Industrial Teatrera konpainia helduko da Galdakaora.
Taldeak ‘Herencia’ clown ikuskizuna eskainiko du 18:00etan. Jaume Navarro eta Mamen Olías izango dira aktoreak eta Jordi Purtíren zuzendaritzapean arituko dira.
«Bi pertsonaia zaborrontzi baten barruan… bidaia xamur eta dibertigarria gure Herentzia eraldatzeko, zeren zuk, zer herentzia utzi nahi duzu?», adierazi dute konpainiatik.
Sarrerak eskuragai daude Torrezabalen eta webgunean 4 eta 6 euroko arteko prezioan.