Munduko eta Europako errekorrak hautsi zituen Maria Casillasek Galdakaoko Master Txapelketan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Swim Camp Getxo
Apirilaren 1ean igeriketako Galdakao Master Txapelketa lehiatu zen eta Bizkaiko igerilari onenak batu ziren hitzorduan, haien artean Maria Casillas galdakoztarra. Igerilariak munduko eta Europako errekorrak hautsi zituen Swim Camp Getxoko taldekideekin batera.
Beste urte batez, Galdakao Master Txapelketa lehiatu zen apirilaren 1ean. Hitzorduan Bizkaiko master igerilari onenak batu ziren, modalitate ezberdinetan eta taldeka emaitza onenak lortzeko helburuz.
Haien artean izan zen Maria Casillas igerilari galdakoztarra, Swim Camp Getxo taldeko kideekin. Igerilariak Ane Ibarrondo, Iñaki Bildosola eta Mikel Bildosolarekin batera parte hartu zuen modalitate ezberdinetan eta oso emaitza onak lortu zituzten.
Swim Camp Getxok ezagutzera eman duenez, Casillasen taldeak munduko errekorra hautsi zuen 4×100 libre mistoan. Laukoteak 3´37”27-ko denborarekin bost segundo baino gehiago kendu zizkion aurreko errekorrari.
Bestalde, eta lehiaketa amaitzeko, taldeak 4×100 metro estilo mistoko Europako errekorra segundo erdian hobetu zuen 4´06”45-eko denboraz. Formazioa hurrengoa izan zen: Maria Casillas bizkarrean, Iñaki Bildosola brazan, Mikel Bildosola tximeletan eta Ane Ibarrondo krolean.
Swim Camp Getxo taldetik igerilarien lana aldarrikatu dute. «Zorionak, mundialak zarete!», adierazi dute sare sozialetatik.