‘Nik patrika digitala’ aplikazioa erabilgarri dago Galdakaoko kiroldegi eta igerilekuetan ere
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Mugikorretarako ‘Nik patrika digitala’ aplikazioa erabilgarri dago Galdakaoko kiroldegi eta igerilekuetan sartzeko. Honi esker, abonatu txartela fisikoki eraman gabe sartu ahal izango dira herritarrak instalazioetan.
Duela hilabete batzuk ‘Nik patrika digitala’ aplikazio mugikorra jarri zuten martxan udalek, foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak, «zerbitzuetara erraz iristeko helburuz». Aplikazio honetan hainbat txartel gorde daitezke, hala nola, Osakidetzaren OTI osasun-txartela, Euskadiko Liburutegi Publikoen Sareko txartela edo Gazte Txartela.
Halaber, Galdakaoko kirol instalazioetako abonatu txartela ere gorde ahal izango da hemendik aurrera. Honi esker, txartela fisikoki eraman gabe sartu ahal izango dira herritarrak kiroldegietan eta igerilekuetan, Elexalde barne.
Datozen hilabeteetan, Galdakaon sistema horri zerbitzuak gehitzen jarraitzea espero du Udalak, eta, adibidez, arte eszenikoetako edo zinemako ikuskizunetarako sarrerak erosi dituzten bazkideak Torrezabalera sartu ahalko dira telefono mugikorraren pantaila erakutsiz.