Oinarin Dantza Taldeak Bizkaiko Dantzari Egunean parte hartu zuen
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Oinarin Dantza Taldea
Domekan, maiatzak 19, Bizkaiko Dantzari Eguna ospatu zen Zornotzan eta ehunka dantzari batu ziren hitzorduan. Besteak beste, Oinarin Dantza Taldeko 40 kide inguruk parte hartu zuten haientzat «oso aberasgarria» izan zen ekitaldian.
Egun berezia bizi izan zuen domekan Zornotzak, batez ere dantzarientzat, izan ere, aurtengo Bizkaiko Dantzari Eguna hartu zuen herriak. Lurralde osoko taldeak batu ziren hitzorduan eta ehunka dantzari aritu ziren.
Parte-hartzaileen artean Oinarin Dantza Talde usansolotarra izan zen eta honetako 40 kide inguru aritu ziren Zornotzan, Unai Landajuela taldeko sortzaileetako batek BINKEri azaldu dion moduan. «Txikiek eta nagusiok parte hartu genuen eta hainbat dantza eskaini genituen», adierazi du.
Dantzari Dantza, Gipuzkoako Dantzak, Txikiak eta Ertainak, Gomulariak izan ziren Zornotzan eskaini zituzten dantzetako batzuk.
Oinarin Dantza Taldeak 1978an parte hartu zuen lehen aldiz Bizkaiko Dantzari Egunean eta ordutik urtero izan da hitzorduan. «Guretzat oso esperientzia positiboa da horrelako ekitaldietan parte hartzea. Oso aberasgarria da pertsonalki eta baita dantza talde moduan ere, bakoitzak ditugun beharrak eta erronkak elkarbanatzeko aukera eskaintzen dutelako», nabarmendu du Landajuelak.