Pablo González kazetariaren egoeraren inguruko solasaldia izango da Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: La Sexta
Ia urtebete igaro da Pablo González kazetaria Polonian atxilotu zutenetik, Ukrainako errefuxiatu krisiaren berri ematen ari zela Errusiako zerbitzu sekretuarentzat lan egitea leporatu ziotela. Egoera hau salatzeko solasaldia eskainiko dute Familia eta Elkartasuna plataformako kideek Galdakaon urtarrilaren 24an.
Pasa den urteko otsailaren 28an atxilotu zuten Pablo Gónzalez euskal kazetaria Polonian. Errusiak Ukrainari egindako erasoen ondorioz sortu den errefuxiatu krisiaren berri ematen zegoen eta Poloniako poliziak Errusiako zerbitzu sekretu militarrentzat lan egitea leporatu zion.
Zortzi hilabete eman zituen Poloniako espetxe batean inkomunikatuta eta behingoz bere bikotearekin hitz egin ahal izan bazuen ere, egoera ez da hobetu. Epaitegiek behin eta berriz bota dute atzera libre geratzeko jarri dituen helegiteak.
Pasa den astean Rzeszowko Apelazio Auzitegiak jakinarazi zuen Przemyslko Auzitegiaren ebazpena berretsi duela, eta gogorarazi beste hiru hilabetez luzatu diola kartzelaldia Gonzálezi.
Egoera honen aurrean, familia eta lagunek kazetaritza «ez dela delitua» salatu dute atxiloketatik eta kazetariak bizi duen egoera ezagutzera emateko plataforma sortu dute. Urtarrilaren 24an Galdakaon izango dira, informazioa eman eta babesa eskatzeko solasaldia eskainiko dutela Herriko Bentan 19:00etan.