
Peio Duran galdakoztarra, Bizkaiko Arku-Tiro Ligako txapelduna
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Bizkaiko Arku-Tiro Federazioa
Otsailaren 4an 2024-25 denboraldiko Arku-Tiroko Bizkaiko Ligako sariak banatu zituzten eta honetan Arkulariak taldeko zenbait kidek aintzatespenak jaso zituzten. Besteak beste, Peio Duran galdakoztarrak urrezko saria jaso zuen, ligako txapelduna izan ostean.
Arku-Tiroko Bizkaiko Ligako sarien banaketa ekitaldia antolatu zuen Bizkaiko Arku-Tiro Federazioak eta honetan hainbat kirolari saritu zituzten 2024-25 denboraldian egindako lanagatik.
Hitzorduan, besteak beste, Arkulariak Arku Tiroketa Elkarteko zenbait kidek aintzatespenak jaso zituzten Carlos Sergio Achotegi Bizkaiko Foru Aldundiko kirol zuzendariaren eskutik.
Talde honetako sarituetako bat Peio Duran (argazkiak erdian) izan zen eta galdakoztarrak urrezko saria jaso zuen gizonezkoen kategoria absolutuan, Arku Biribildua modalitatearen txapeldun izan ostean.
Arkulariak elkarteko beste sarituak hauek izan ziren: Daniel Robles, Roberto Fernandez, Oier Irazola, Ivonne Madariaga, Marta Moreno, Omar Cosano, Izaro Cañive eta Oroitz Belaustegigoitia.