Pontzi Zabalako aldapa mekanikoen lanak datorren hilean hasiko dira
Obrak
BINKE / 2022ko apirila
Pontzi Zabalako aldapa mekanikoen lanak datorren hilean hasiko dira
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Google Earth
Pontzi Zabala kalean lehenengo arrapala mekanikoak jarriko dituzte, eta horiek eraikitzeko lanak maiatza bukaera eta ekaina hasiera bitartean hastea aurreikusten dute.
Galdakaoko Pontzi Zabala kalean lehenengo aldapa mekanikoak jartzeko hitzarmena sinatu du Udalak 1.158.781,89 euroren truke. Proiektu honetan arituko den enpresak hilabeteko epea du herri-lanekin hasteko, beraz, maiatzeko azken hastea eta ekaineko lehenengo astea bitartean hasi beharko dira. Obren zailtasuna eta prezio igoera dela eta, proiektua fase ezberdinetan banatu dute, urtea amaitu aurretik aldapa martxan egoteko nahiarekin.
Helburua, kaleko «irisgarritasuna» hobetzea da, arrapala mekaniko baten bidez goranzko eta beheranzko norabidean egungo igogailua heltzen den puntua eta «goragoko garaje irteera» konektatuz. «Adineko pertsonen eskaerak aintzat hartuta», norabide bakoitzerako gailu bat eraikiko dute, igotzeko aldapa neketsua delako eta jaisteko arriskutsua izan daitekelako.
Bestalde, zabor bilketa neumatikorako sistema ere inplementatuko da Pontzi Zabala kalean —inguru honetan ez dago sistema hau ezarrita— herri-lan hauek aprobetxatuz. «Kalea zulatu beharko dela baliatuta», errepidearen alde batean —Eroski eta Correos dauden aldean— aldaparen lanekin hasiko dira, eta errepidearen beste aldean edukiontzi hauek ezarriko dituzte. Horrez gain, hurrengo fase batetan, gainaldera helduko den arrapala eraikiko dute.