Pontzi Zabalako azken bi arrapala mekanikoak martxan dira
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Pontzi Zabala kalean beste bi arrapala mekaniko jartzeko lanak bukatu ditu Galdakaoko Udalak. Obren bigarren fase hau amaituta, Zabalearaino heltzen dira jarritako arrapala mekaniko berriak.
Galdakaoko Pontzi Zabala kalea «irisgarriagoa» egiteko lanak amaitu ditu Udalak. Proiektua osatzen duten azken bi arrapala mekanikoen obrak bukatu dituzte, eta martxan dira honezkero. Lan guztiek bi urte pasatxo iraun dute eta «eragin nabarmena izango dute auzoko bizilagunak modu seguru eta erosoagoan mugi daitezen».
Adineko pertsonek hala eskatuta, bi norabidekoak dira arrapalak, igotzekoak zein jeistekoak. Alde batetik, «igoera nekeza baita eta, bestetik, jeitsiera arriskutsua dela ohartarazi baitzuten mugikortasun arazoak dituzten pertsonek».
Azpiegitura hau estalita dago, «herritarrak euritik babesteko, batetik, eta arrapalak urez blaitzean irrist egiteko arriskua txikitzeko helburuz, bestetik».
Aurreko fasean eraikitako lehen arrapala mekanikoa kontuan hartuz, proiektu osoaren aurrekontua 3 milioi eurokoa da.