Santakurtzak iragartzeko kartel lehiaketa martxan da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Unai Morán @clicketaclick
Irailaren 8tik 17ra bitarte antolatuko dira aurtengo Santakurtzak eta jai galdakoztarrak iragartzeko kartel lehiaketa abian jarri du Udalak uztailaren 3ra bitarte. Ordea, hainbat baldintza bete behar dituzte parte-hartzaileek eta albiste honetan batu ditugu.
Aurtengo Santakurtzak irailaren 8tik 17ra bitarte antolatuko dira eta honezkero martxan dago hauek iragartzeko kartela hautatzeko prozesua. Uztailaren 3ra arte aurkeztu daitezke proposamenak eta bi modalitate izango dira: haur eta gazteak —2006 eta 2015 urteen artean jaiotakoak— eta helduak —2006eko urtarrilaren 1a baino lehen jaiotakoak—.
Hori bai, «aurkeztutako lanek aurretiaz argitaratu gabeak» izan behar direla jakinarazi du Udalak, eta beste baldintza hauek aipatu ere:
- Kartelek 50x70ko neurria izan behar dute.
- Euskarri zurrunaren gainean muntatuta egon beharko dute.
- Kolorea eta teknika librea izango da.
- Nahitaez ‘GALDAKAOKO SANTAKURTZAK 2023. Irailak 8-17’ leloa eraman beharko dute.
- Lanek ezingo dute diskriminatzaileak izan sexu arrazoiengatik. Hori dela eta, testuetan lengoaiaren erabilera ez sexista egin beharko dute eta irudietan bi sexuen presentzia orekatua bermatua egongo da. Era berean, lanetan inoiz ez dira onartuko, emakumeak objektu sexual baliran aurkezten dituzten irudiak, emakumeak gutxiesten dituztenak, edo horien aurkako indarkeria justifikatu edo sustatzen dutenak.
- Uztailaren 3ra arte aurkeztu ahal izango dira proposamenak.
- Lanak leloa idatzita eta izenperik gabe aurkeztuko dira, eta kartelekin batera, gutun azal itxi baten kanpoaldean, lelo berbera eta egilearen adina.
- Gutun azalaren barruan jasoko dira egilearen datu pertsonalak —egilearen izena, helbidea eta telefonoa— eta NANaren fotokopia, edo hamalau urtetik beherakoa balitz, bere nortasuna eta jaiotze-data egiaztatzen dituen beste edozein dokumentu publiko edo ofizial.
Kartel irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du helduen kategorian, bigarrenak 400 eurokoa, eta sari berdina udalerriko lehenengo sailkatuak. Haur eta gazteen kategorian, aldiz, udalerriko denda batean gastatzeko 100 euroko bonoa izango dute ondorengo adin tarteko irabazleek: 2013 eta 2015 urteen artean jaiotakoak, 2009 eta 2012 artean jaiotakoak, eta 2006 eta 2008 artean jaiotakoak.