Santakurtzetako pregoilaria aukeratzeko bozketa bihar amaituko da, hilak 30
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Santakurtzak irailaren 9tik 18ra bitarte izango direla iragarri zuten hilaren 22an Galdakaoko Udalak eta Jai Batzordeak. Horiei hasiera emateko pregoilaria nor izango den aukeratzeko bozketa berriz bihar amaituko da. Hauek dira proposamenen artean dauden sei pertsonen eta hiru taldeen izenak.
Uztailaren 22an iragarri zituzten Galdakaoko Udalak eta Jai Batzordeak aurtengo Santakurtzak, eta pandemiaren ostean bere ohiko izaeran ospatuko diren lehenengoak, irailaren 9tik 18ra bitarte ospatuko direna. Bada, jai horiei hasiera emateko ohorea izango duen pertsona edo taldea aukeratzeko bozketa bihar amaituko da, uztailak 30 dituela.
Aurretik herritarrek egindako bederatzi proposamenen artean bozkatu daiteke orain. Bozkatzeko 16 urteak beteta izan behar dira eta Galdakaon erroldaturik egon behar da. Horregatik, norberaren babesa lehen aldiz ematen denean NAN zenbakia eta jaiotze-data eskatuko dira. Beste prozesu baterako egin bada, ez da berriro egin behar. Pertsonako boto bakarra onartuko da.
Eta hauek dira 2022ko Santakurtzetako pregoia irakurtzeko bederatzi hautagaiak:
- Eduardo Madina
- Asier Martin
- Josemi Olazabalaga
- Ander Aperribai
- Vidal Salcedo
- Igor Anton
- Zizpa Gazte Konpartsa
- Udaletxeko etxez etxeko zerbitzua (SAD)
- Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartea
Bozketa Udalaren erabaki.galdakao.eus atarian egin daiteke, hemen klik eginda.
Bozketa prozesu hori amaitzean jakingo da zeinek irakurriko duen jaietako pregoia. Bestetik, txupina nork botako duen erabakitzea Jai Batzordearen eta batzordea osatzen duten taldeen esku utzi du Udalak, «haiei jaietan dagokien lekua emateko helburuz».
Mezu honen bidez azaldu zuen aurreko puntu hori Galdakaoko Udalak ohar bidez, hitzez hitz: «Jai Batzordeak kuadrila bat aukeratuko du, eta, behin pregoilaria ezagutzen denean, kuadrillak berak erabaki beharko du bere taldeko zein pertsonak botako duen txupina. Jai Batzordea eta batzordea osatzen duten taldeak indartzea eta jaietan merezi duten protagonismoa ematea da erabakia haien esku utzi izanaren arrazoia».