Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileek lau eguneko greba egingo dute berriz
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: ELA Osakidetza
Osakidetzaren «inmobilismoaren» aurrean, euren soldata lehen arretarekin parekatzea eskatzen jarraitzen dute Labeako Ospitaleko TGEEZko langileek. Abenduan egin zuten moduan, lau eguneko greba egingo dute otsailaren 14tik 17ra.
Hilabeteetan zehar mobilizazioak egin dituzte Labeako Ospitaleko Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileek eta Osakidetzaren «inmobilismoaren» aurrean horrela jarraituko dutela jakinarazi dute. Zehazki, euren soldata Osakidetzaren lehenengo mailako arretaren lankideekin parekatzea eskatzen dute, Binkek jaso duen moduan.
Konponbiderik heltzen ez dela ikusita, lau eguneko greba egingo dute TGEEZko langileek, otsailaren 14tik 17ra. «Langileek diskriminazioa jasaten dute eta Euskal Osasun Zerbitzuak ez du ebatzi nahi», salatu dute.
Bestalde, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta UTESE sindikatuek Lan Harremanen Kontseiluan bilera bat egiteko deia egin diote Osakidetzari. «Gatazka konpontzeko proposamen bat mahai sektorialaren gainean jarri genuen eta Osakidetza alde bakarretik kendu zuen. Ordutik, gai horri buruz hitz egiteari uko egin dio», azaldu dute sindikatuek.
Aldarrikatu dutenez, Eusko Legebiltzarrak ere eskatu dio Osakidetzari egoera horri konponbidea bilatzeko. «Mobilizazioekin jarraituko dugu Osakidetzak egoera desblokeatu eta baldintzak ospitaleko gainerako langileekin parekatzea erabaki arte», azpimarratu dute langileek.