Urreta kiroldegiko aldageletan lapurtzen zuen 27 urteko gizon bat atxilotu dute
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Azken hilabeteetan zenbait lapurreta sufritu dituzte Bizkaiko 14 kiroldegi baino gehiagotako erabiltzaileek, dirua eta bestelako ondasunak aldageletako armairuak indarrez ireki izan dizkietenean. Mungian identifikatu dute ustezko lapurra eta nola aritzen omen zen ere argitu dute.
Galdakaoko Urreta kiroldegia Bizkaiko lapurreta serie baten biktima izan da azken boladan, bereziki aldageletako armairuetan izaten ziren lapurreta batzuen ondorio. «Norbaitek» aldageletako armairuak indarrez irekitzen zituen maiz, pletina metaliko batekin, takila horietako erabiltzaileak kiroldegiko jardueraren bat egiten ari ziren bitartean. Bizkaiko zenbait udalerriko kiroldegietan gertatu izan da, besteak beste, Galdakaon, Derion, Sondikan, Gueñesen, Gernika-Lumon eta Mungian.
Bada, lapurreten bolada hori amaituta egotea espero du poliziak, aipatutako azken herrian identifikatu baitute kiroldegietan modus operandi berean lapurtzen zuen pertsona. Sestaoko 27 urteko mutil bati egotzi zaizkio Bizkaiko kiroldegietako 14 lapurretatik gora, udalerrietako kamerak aztertu ostean. Guztietan ageri zen pertsona bera, bere aurpegia bisera beltz batekin estaltzen saiatzen zena eta garraio publikoan egiten zituena lapurtzen zituen udalerrietarako joan-etorriak.
Kiroldegietara aldiz eguneko sarrera erosita sartzen zen, eta bereziki gizonezko erabiltzaileen dirua lapurtzen zuen, hauen aldageletara sartuta. Aurrekari penalak ditu ustezko lapurrak, eta dagoeneko epailearen esku utzi du Mungiako Udaltzaingoak.