Usansoloko erdigunean Metro geltokia eskatu dute gaur goizean ehunka herritarrek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Josu Grandibal
‘Geltokia erdigunean’ plataformak manifestazioa deitu du gaur goizean Usansoloko erdigunean Metro geltokia eskatzeko. Ehunka herritarrek parte hartu dute goizeko 07:00etan Meatzetan abiatu eta ospitaleraino joan den mobilizazioan.
Usansolotarrek Metroaren 5. linearen proiektuan aldaketak egitea eskatzen jarraitzen dute, izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak iragarritako lanzadera «ez da nahikoa». Horregatik, erdigunean Metro geltokia ezartzea eskatzen dute.
Hain zuzen, aldarrikapen honen harira sortutako ‘Geltokia erdigunean’ plataformak manifestazioa deitu du gaur goizerako eta ehunka herritarrek parte hartu dute Meatzetako aparkalekutik 07:00etan abiatu den mobilizazioan.
Manifestazioa ospitaleraino igo da eta honen ondorioz kotxe ilarak sortu dituzte. «Pozik gaude, jende askok parte hartu du manifestazioan ordu txarrean izan arren eta helburua lortu dugu, jendeak gu ikusi eta entzutea», adierazi dute plataformatik.