Transfusio eta Giza Ehunen Zentroko langileek hamahiru eguneko greba egingo dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: ELA Osakidetza
Osakidetzaren «inmobilismoaren» aurrean, euren soldata lehen arretarekin parekatzea eskatzen jarraitzen dute Usansoloko ospitaleko TGEEZko langileek. Greba egingo dute berriz apirilean, hamairu egunetan zehar.
Usansoloko ospitaleko Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek 2021eko abenduan egin zuten greba lehen aldiz, euren soldata lehen arretarekin parekatzea eskatzeko. Ordutik, hainbat greba deitu dituzte baina Osakidetzak «jarrera immobilista» izaten jarraitzen duela salatu dute behin eta berriz, Binkek jaso duen moduan.
«Mahai Sektorialera proposamen bat ekarri zuen, eta, jarraian, erretiratu egin zuen. Hortik aurrera ez da mugimendurik egon, nahiz eta sindikatuok eta langileek negoziatzeko eta gatazka konpontzeko borondatea erakutsi dugun», adierazi dute SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta UTESE sindikatuek egindako adierazpenean.
«Administrazio Publikoaren jarrera horrek zuzenean eragiten die herritar guztiei; izan ere, haien jarrera inposatzaileari esker, odolaren, ehunen eta odol-eratorrien erreserbak murrizten ari dira. Egoera larriagotu egin daiteke, interbentzio kirurgikoak eten behar izateraino», salatu dute.
Horregatik, eta «beste aukerarik ez dagoenez», langileek greba egitera deitu dute berriz. Hamairu egunekoa egingo dute oraingoan, apirilaren 18tik 30era. «Sindikatuetatik gatazkaren konponbidea negoziatzeko borondatea agertuko dugu etengabe, eta Osakidetzari eta Osasun Sailari ildo horretan urratsak emateko eskatzen diegu», azpimarratu dute.