Udaletako talde independenteek bilera egin zuten Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso
ARGAZKIA: Miguel Ángel Martinen sareetatik
Udaletan ordezkaritza duten edo izan nahi duten talde independenteak Galdakaon batu ziren eguaztenean eta bertan azaldu zuten Bizkaia Bai plataforma Galdakaon ere aurkeztuko dela. Datorren astean jakinaraziko dugu bere alkategaia nor izango den.
Eguaztenean, apirilak 19, Euskadiko talde independenteen batzarra egin zuten Galdakaon. Bileran, Sopela, Etxebarri, Karrantza, Balmaseda, Zalla, Arrigorriaga, Plentzia, Mungia, Abadiño, Gorliz eta beste hainbat herrietako ordezkariak izan ziren, tartean Galdakaoko udalbatzan atxiki gabeko zinegotzi den Miguel Ángel Martin.
Talde independenteek hainbat gai uztartu zituzten batzarrean, hala nola, udaletxeetan suertatzen diren arazoak, herri bakoitzeko erronkak, oztopoak…
Halaber, maiatzaren 28an antolatuko diren udal-hauteskundeetara aurkeztuko diren hainbat talde aurkeztu zituzten, haien artean Galdakaon aurkeztuko den Bizkaia Bai plataforma. Hurrengo egunetan erabakiko dute nor izango den taldearen alkategaia Galdakaon eta datorren astean emango du horren berri Binkek.
Talde independenteek «udalerriko bizilagunen interesen defentsan» daudela nabarmendu zuten bileraren ostean. «Hautagaitza berriak gehituta eta herritarren laguntzarekin, kudeaketa hurbilago baten eskaera egiaztatzen da», adierazi zuten, talde hauen «kudeaketa-gaitasunaren eta lan onaren balioa» nabarmenduz.