Euskadi mailako Elkarrekin Podemosek ekitaldia egin du gaur Galdakaon
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: EITB
Elkarrekin Podemosek ekitaldia egin du gaur Galdakaoko Santi Brouard enparantzan, Miren Gorrotxategi, Isa Gonzalez eta Iñigo Martínez-Zatón legabiltzarkideak ere bertan direla. Txelu Bernal Galdakaoko koalizioaren alkategaiak hitzarte zabala izan du oholtzatik, besteak beste, ondoko albistean batu ditugunak esateko.
Elkarrekin koalizioak —Podemos, IU, Berdeak Equo eta Alianza biltzen dituenak— «kudeaketaren eta benetako konponbideen adibidetzat» jarri ditu EAEko udalerriak, tartean Galdakao bera. Hain zuzen ere, ekitaldi politiko bat egin dute Galdakaon bertan gaur, domeka.
Ekitaldian Isa Gonzalez legebiltzarkideak, Stella García Berdeak Equoko kideak eta Arantxa Zugasti Amorebieta-Etxanoko Elkarrekin Podemoseko alkategaiak hartu dute parte Jose Luis ‘Txelu’ Bernal Galdakaoko koalizio bereko alkategaiarekin batera. Galdakoztarrak Santi Brouard enparantzan egindako ekitaldian aldarrikatu du «herritarrek 2019an eskatu zuten aldaketan sakontzeko helburua lortu dugula».
Miren Gorrotxategi Eusko Legebiltzarreko bozeramailea eta Iñigo Martínez-Zatón lehebiltzarkidea ere izan dira Galdakaoko ekitaldian, eta hauen aurrean gaineratu du oholtzatik Bernalek: «Erakutsi dugu badakigula gauzak ondo egiten Udal Gobernuaren kudeaketan. Udaletxeko ateak herritarrei zabaltzea lortu dugu. Auzoetako herritarrei garrantzi berezia eman diegu, zerbitzuen eta sarbideen erosotasuna hobetuz, bizi-kalitate hobea lortzeko».
Horren ondotik Galdakaon enplegua sustatzeko indarrean jarri dituzten neurriak azpimarratu gura izan ditu Txelu Bernalek: «Hogeitik gora enpresa sortu ditugu, 24 kontratu finkorekin, eta enpresa gehiago sortzeko 90 proposamen ditugu. Arrakasta da hori!». Herritarrek, gainera, Galdakaoko aldaketa «igarri egin dutela» baieztatu du dozenaka lagunen aurrean.