Iñaki Urgoiti (UH): «Inoiz baino gertuago gaude Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izatetik»
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Binke
Maiatzaren 28an antolatuko dira foru- eta udal-hauteskundeak Hego Euskal Herrian. Galdakaon bederatzi alderdi aurkeztuko dira eta kanpainan murgilduta daude honezkero, herritarrei haien programa azaltzeko ekitaldiak antolatzen. Alderdi bakoitzaren zerrendaburua hobeto ezagutzeko helburuz, galdera batzuk labur erantzuteko gonbitea egin die Binkek alkategai guztiei. Oraingoan Iñaki Urgoiti Usansolo Herria plataformako alkategaiaren txanda izan da.
Zein balorazio egiten duzu azken legegintzaldiaz? Oso positiboa. Gobernu taldearengatik, batez ere giza arloan. Eta baita Usansoloren bereizketa eta Kudeaketa Batzordearen eraketa batzarretan onartu zirelako ere.
Zeintzuk izango dira zuen ildoak urteetarako? Egia da inoiz baino gertuago gaudela Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izatetik, baina oraindik bi urrats gainditu behar ditugu eta UHk hor egon behar du. Bestalde, Udalak babesa eman behar dio kudeatzaileari, eta azken lau urte hauetan Usansoloren interesak Udal barrutik ere kudeatu ditugu.
Zergatik aurkeztu zara alkate izateko? Ni ez naiz inor bakarrik, bat gehiago naiz. UH osatzen dugun taldea da garrantzitsuena eta talde horrek erabaki du ni izatea lehena.
Zergatik eman behar dizute botoa herritarrek? Ez dago %100ean lortuta UHren helburua. Hauteskunde hauen ondoren, litekeena da kudeatzailea berriro osatu behar izatea, eta orain arte UH izan da usansolotarren interesak kudeatzeko gai dela erakutsi duena. Horregatik uste dugu orain inoiz baino gehiago UH bozkatu behar dela.