Galdakaoko hauteskunde-egunaren zuzeneko jarraipena egingo du Binkek domekan
TESTUA ETA ARGAZKIA: Erredakzioa
Udalen eta aldundien kudeaketaren ardura datozen lau urteetarako zein taldek izango duen erabakiko dute hego euskal herritarrek domekan, maiatzaren 28an. Galdakaoko Udalera begira jasoko direnak batuko ditu Binkek eguneko zuzeneko jarraipenaren bitartez, bere Twitter kontuan. Ondoko albistean kontatuko dizugu zer aurkituko duzun hauteskunde-egunean.
Herrian bolo-bolo dabil gaia: aurtengo hauteskundeak «interesgarriak» izango dira Galdakaon. Interesgarriak ez dakigu, baina orain arte enkarguz egindako inkestek behintzat «ezjakintasuna nagusi eta aukera guztiak zabalik» izango dituen udal-hauteskundeak izango dira maiatzaren 28koak.
Horregatik, egunak emango duenaren berri leku bakar batean emateko asmoz, Binkek egunaren zuzeneko jarraipena egingo du domeka goizean goizetik hasita. Jarraipen hori hedabide honen Twitter kontutik egingo da, hari berean, interes duenak xehetasunik ez dezan galdu.
Goizeko 08:30etik hasita, une berezien berri emango du Binkek Galdakaoko zein Usansoloko hautesleku guztietatik, hala nola, alderdi ezberdinetako kideen lanak, alkategaien botoa emateko uneak, hauen lehenengo adierazpenak, herritarren lekukotzak, parte-hartze datuak… eta noski, hauteskundeetako emaitza guztiak.
Emaitzak aipatuta, horiek batzen joango da hedabide hau bere webguneko atal berezian grafiko bidez.