Galdakaoko EH Bilduk «herritarrengandik jasotako babesa» eskertu du
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Domekako udal-hauteskunde historikoen osteko balorazioa egin du Galdakaoko EH Bilduk, emaitzak ezagutu eta bi egunera, herritarrengandik jasotako babesa eskertu eta orain arte Udal Gobernuko bazkide izan dituen hiru taldeei ere aitortza egiteko.
EH Bilduko kideek inoiz ahaztuko ez duten hitzordua izango dute 2023ko maiatzaren 28koa, lehenengo aldiz, egun horretan, historia egin baitzuen koalizio abertzaleak inoizko daturik onenak jasota. Lehenengo alderdi bozkatuena aurrenekoz izateaz gain, bederatzi zinegotzi eskuratu baitzituen azken udal-hauteskundeetan.
Horren aurrean, «Galdakaoko EH Bilduk benetan eskertu nahi du gure herritarreengandik aurreko udal-hauteskundeetan jasotako babesa», adierazi du koalizioak ohar bidez. Alderdi honek bigarren alderdi politiko bozkatuenak baino ia 1.900 babes gehiago jaso zituen, eta aurreko legegintzaldian baino hiru zinegotzi gehiago.
Joan den domekan 5.383 boto lortu zituen EH Bilduk, duela lau urte baino 1.800 gehiago, hau da, boto guztien %37 inguru. Era berean, gaineratu egin dute alderditik «historian lehen aldiz, Galdakaoko indar bozkatuena izan gara foru hauteskundeetan, 5.176 botorekin».
«Garaipen ukaezin» bezala hartu du Iñigo Hernandoren taldeak M28an lortutakoa eta «oraingo honetan, gure bizilagunek gu aldaketaren protagonista bihurtzea erabaki dute, eta Galdakao herri atseginago bihurtzeko ardura eman digute» esan dute ohar bidez.
Aurreko legegintzaldian Udal Gobernuko kide izan dituztenentzako esker oneko berbak ere izan dituzte EH Bildukoek, «Galdakao ezberdina da gaur egun, Auzoak, Podemos eta Usansolo Herria taldeen lanari esker ere» aitortuz. Hala ere, eta Hernandok Binkeri egindako hauteskunde gaueko adierazpenen arabera «orain arteko kideekin berba egiteko asmoa» erakutsi bazuen ere, oraindik ez dute argitu nola osatuko duten 2023-2027 legegintzaldirako Udal Gobernua.
Aurreko legegintzaldiari kasu eginez gero, Podemos taldearekin izan ezik —ez baitu ordezkaritzarik lortu Txelu Bernalek—, Usansolo Herriarekin eta Auzoak taldearekin gobernatzeko aukera izango luke EH Bilduk, 21 zinegotzitik 13rekin eroso gobernatzeko —11 zinegotzi dira gehiengo—.