Iñigo Hernando bigarrenez alkate dela eratu da Galdakaoko Udala
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Julio Legarretaetxebarria
Azken udal-hauteskundeetan EH Bildu izan zen garaile Galdakaon, eta hortaz Iñigo Hernando izango da bigarrenez alkate, Usansolo Herria eta Auzoak plataformetako bina zinegotzien babesarekin. Gaur hartu du kargua udaletxean antolatu den ez-ohiko osoko bilkuran eta dozenaka lagunek itxaron dituzte udalbatzako kide berriak plazan.
EH Bildu izan zen alderdi bozkatuena Galdakaon maiatzaren 28an antolatu ziren udal-hauteskundeetan. Guztira 5.383 boto jaso zituen eta horrenbestez bederatzi zinegotzi izango ditu udalbatzan, Iñigo Hernando buru dela. Gaur hartu dute kargua 21 zinegotziek.
Hernando bigarren legegintzaldiz da Galdakaoko alkatea eta gaur bertan hartu du kargua eguerdian antolatu den ez-ohiko bilkuran, 12:00etan hasita. Usansolo Herria eta Auzoak plataformetako bina zinegotzien babesarekin osatuko du Udal Gobernua EH Bilduk —aurreko legegintzaldian bezala, Podemos-eko zinegotzi bakarraren faltan, ez baitu ordezkaritzarik lortu azken hauteskundeetan—.
Gainontzeko zinegotziek ere kargua hartu dute, zehazki, EH Bilduko bederatzik, EAJko seik, Usansolo Herriako bik, PSE-EEko bik eta Auzoak-eko beste bik.
Nobedade moduan, aipatu beharra dago EH Bilduren zerrendako bederatzigarren kideak, Mikel Larunbe pilotari profesional ohiak, uko egin diola zinegotzi izateari eta bere ordez kargua hartu du Maite Arandiak, aurreko legegintzaldian Ogasun zinegotzia izandakoak.