Adingabeko baten gorpua aurkitu dute Galdakaon, Ibaizabal ibaian
Ezbeharra
BINKE / 2022ko urtarrila
Adingabeko baten gorpua aurkitu dute Galdakaon, Ibaizabal ibaian
ARGAZKIA: Ertzaintza
TESTUA: Jon Gomez Garai
Eguaztenean Bizkaiko Foru Aldundiaren tutoretzan dagoen adinez txikiko mutil baten gorpua aurkitu zuten Ibaizabal ibaian, Galdakaon.
Atzo jakitera eman zuen Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak: eguaztenean, urtarrilak 19, pertsona baten gorpua aurkitu zuten Ibaizabal ibaian, Galdakao parean. Torrezabal zubiaren inguruan, Gernika kalearen parean, ezarri zen larrialdietako gunea.
Hilik aurkitutakoa adinez txikiko mutil bat da, eta bere tutoretza Bizkaiko Foru Aldundiak du, iturri beraren arabera. Jakitera eman dutenez, Elorritxuetako adinez txikikoen egoitzan zebilen —Viveron—, eta El Correo egunkariaren arabera adingabeko honen ingurukoek diote «lapurreta batetik ihesi zioala, ibaira jauzi egin eta itota hil zenean».
Zer gertatu den argitzeko ikerketa abiatu du Ertzaintzak.