
Auzoetako jaiak antolatzeko dirulaguntzen prozedura aldatuko du Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Bengoetxeko Jai Batzordea
Auzoetako jaiak antolatzeko dirulaguntzak izendunak izan dira orain arte baina hemendik aurrera konkurrentziaz, hau da, irizpide komun batzuk jarraituta bakoitzak jasotzen dituen puntuen arabera, banatuko dira. Neurria atzo onartu zuen Galdakaoko udabaltzak, urteko lehen osoko bilkuran.
Legez, konkurrentziazkoak izan behar dira udalek ematen dituzten dirulaguntzak, hau da, irizpide komun batzuk jarraituta bakoitzak jasotzen dituen puntuen arabera. Galdakaoko Udala bide honetan lan egiten ari da azkenaldian eta horrela banatu ditu honezkero enplegua sustatzeko ekimenen dirulaguntzak, berdintasun arloko dirulaguntzak eta eskola kirola sustatzeko dirulaguntzak, besteak beste.
Multzo honetara auzoetako jaiak antolatzeko dirulaguntzak gehituko ditu, orain arte izendunak izan direnak. Erabaki hau atzo, urtarrilak 30, onartu zuen Galdakaoko udalbatzak urteko lehen osoko bilkuran, Udal gobernua osatzen duten taldeen aldeko 13 botoekin eta oposizioaren 7 abstentzioekin.
Udalbatzak onartu zuena zehazki prozedura aldaketa da, irizpide objektiboak kontuan har daitezen, auzoaren biztanle kopurua edo jaiak antolatzen zenbat urte daramaten, batik bat. «Horrez gain, jai ereduan sakontzeko aukera ere izango da: genero ikuspegia, euskara, inklusioa eta kulturartekotasunarekin lotutako baloreak txertatzea baloratuko baita», azaldu dute Udaletik.
Beste erabaki batzuk ere hartu zituen udalbatzak atzoko saioan, besteak beste, Galdakaoko Bake-epailea hautatzeko prozesuaren baitan Aitor Lekunberri proposatzea, eta lorezaintza kontratu berria adjudikatzeko prozedura bukatu gabe dagoenez, indarrean dagoena luzatzea.