Bideratu gabeko ur fekalek zikinkeria sortu dute Ibaizabal ibaia berbideratzeko obretan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Uraren Euskal Agentzia
Uholdeak saihesteko helburuz Ibaizabal ibaia berbideratzeko lanak hasi ziren 2010ean. Gaur egun hirugarren fasean daude baina plangintza-akats baten ondorioz lanen eremuan dauden eraikinen ur fekalak bideratu gabe utzi dira, zikinkeria sortu dela.
Ibaizabal ibaia berbideratzeko lanak hirugarren fasean daude jada baina arazoak sortu dira. El Correo egunkariak adierazitakoaren arabera, plangintza-akats baten ondorioz lanen eremuan dauden Galdakaoko eraikin batzuen ur fekalak bideratu gabe utzi dira eta zikinkeria sortu dute.
Proiektu honen helburu nagusia eremu horretako bizilagunei eta enpresei aldizka eragiten dieten uholdeak saihestea da. 2010ean hasi ziren lanak eta ardura Uraren Euskal Agentziarena da, 35 milioi eurotik gorako aurrekontua duela.
Agentziak ordea arazo hau Galdakaoko Udalak konpondu behar duela adierazi du, hau baita ur fekalak kudeatzeko arduraduna. El Correok jasotakoaren arabera, egungo Udal Gobernuak aurrekoari egotzi dio plangintza-akatsa.
Bitartean, auzokideak kexatu dira, izan ere, sortzen den zikinkeria sufritu behar dute egunero. Konponbide bat eskatu dute baina arduradunek lan luzeak direla azpimarratu dute, eraikinek sortzen dituzten ur fekalak bideratzeko orain arte egindako obren zati bat desegin beharko litzatekelako.