Datorren astean hasiko dira Kurtzeko frontoiko ur filtrazioak konpontzeko lanak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Hurrengo astean hasiko dira Kurtzeko frontoian sortzen diren ur filtrazioak konpontzeko lanak. Frontoiko tabernaren estalkiko arazoak konpontzeari ekingo diote lehenik eta irailetik aurrera aldiz estalkiko hegal nagusian hobekuntzak egingo dituzte.
Kurtzeko frontoian ur filtrazioak sortu dira azkenaldian eta duela bi aste esaterako, minutu gutxitan botatako euri-jasa nahikoa izan zen Kurtzeko frontoian ur-jauziak sortzeko. Ondorioz, esku-pilota entrenamendu guztiak bertan behera geratu behar izan ziren.
Galdakaoko Udalak, hala ere, uztailean pilotalekua eraberritzeko lanak hasiko zituela aurreratu zuen BINKEk orduan, Adiskide Pilota Elkartetik jasotako informazioaren arabera. Ur filtrazio hauek konpontzeko lanak hurrengo astean hasiko direla iragarri du orain Udalak.
Frontoiko tabernaren estalkiko arazoak konpontzeari ekingo diote lehenik. Estalkiko lamina iragazgaitza aldatu egingo dute zaharra zulatua dagoelako eta ura sartzen delako. «Egun gutxitan amaituko dira lehen lan horiek eta ez dute eraginik izango ez frontoiaren ez tabernaren erabileran, kanpoaldetik egingo baitira lanak», azaldu dute Udaletik.
Arazo nagusia, hala ere, estalkiko hegal nagusian dago eta irailaren erditik aurrera hasiko dira obra horiek, Santakurtzen ostean. Alde batetik, kanaloi berria jarriko da aurrealdean, txapa ordezkatuko da eta erremateak egingo dira. Estalkian alderik alde doan erremate baten egoera ondo ikuskatzeko ere baliatuko da, egoeraren arabera neurri bat edo bestea hartzeko.
Santakurtzetako jaien ondoren, iraila amaieran edo urrian hasiko dira kanaloiekin lotutako lan horiek. Kasu honetan ere kanpotik egingo dira lanak, eta beraz, «ez da aurreikusten erabilerari eragingo diotenik eta entrenamenduek normaltasunez jarraituko dute».
Lan horiei esker, azken urteetan frontoian izan diren ur filtrazio ugariak amaituko direla espero duela nabarmendu du Galdakaoko Udalak.