«Dirua da erantzun bakarra», Lander Etxeita
IRITZIA
Lander Etxeita
BINKE / 2022ko abendua
Sei kirolari galdakoztar gonbidatu ditu Binkek domekan amaituko den gizonezkoen Qatarko futbol Mundialaren harira duten iritzia ematera. Horren baitan dago ondoko iritzi hau kokatuta.
Maila goreneko futbolak bere nortasuna galdu du, mundu paralelo batean bizi da.
Jokalari batek urtean 20 milioi euro irabazten duela entzuteak ez gaitu harritzen, normaltzat hartu dugu kontrolaezina den egoera bat. Burbuila honetan mantentzeko, industria bilakatu den futbolak, mila-milioiko etekinak ematen dizkion jarduerak burutu behar ditu, hala nola, Espainiako super kopa txapelketa Arabian jokatzea eta aurredenboraldiak Ameriketako Estatu Batuetan, Japonian edota Arabian «Girak» deiturikoetan burutzea.
Nazioarteko futbol txapelketa Qatarren jokatzea aipatutakoaren adibide garbia da. Lurralde honetan futbolak ez du lekurik, jarraitzaileak gutxi batzuk dira eta jolasten dutenak are gutxiago. Zergatik jolasten da orduan lurralde honetan? Dirua, dirua da erantzun bakarra.
Diru garbia da? Etikoa? Morala? Legezkoa? Ez, noski ezetz. Giza eskubideak zapaltzen dituen herrialde baten jolasten baita. Ondorioak larriak izan dira, zenbakitan 6.500 hildako jakin daitekenez, eskubideetan 1000 urteko atzerapausoa.
Nola erantzun dugu munduko herritarrok? Bakoitzak bere konklusioak atera ditzala, argi dagoena da egun hauetan hainbat etxe eta tabernetako telebistetan mundiala dela pertsonaia nagusia.