Egiako ortu ekologikoak banatzeko zozketa azaroaren 20an egingo da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Udalak Egian dituen ortuak herritarren artean banatzeko zozketa azaroaren 20an egingo da. Guztira 34 lursail daude eta lau urtez erabili ahal izango dira baratze ekologiko gisa.
Pasa den irailean Egian dituen ortu ekologikoak erabiltzeko izena emateko epea zabaldu zuen Galdakaoko Udalak. Honezkero onartuen zerrenda ezagutu daiteke Udalaren webgunean eta izena eman zuten 53 pertsonetatik 50 izan dira onartuak.
Guztira 34 lursail daude Egian banatzeko eta hortaz zozketa bidez erabakiko da noren esku utziko diren ortu horiek. Udalak jakinarazi duenez, azaroaren 20an izango da zozketa 12:00etan. Udaletxeko pleno aretoan izango da eta interesatuek, nahi izatekotan, zozketa bertatik bertara zuzenean jarraitzeko aukera izango dute.
Ortuak baratze ekologiko gisa erabiliko dira lau urtez eta instalazio eta gune partekatuak dituzte: aldagela, takilak, dutxa eta komuna dituen instalazioa eta nekazari lanabesak biltzeko eremu itxia.