Egiako ortu ekologikoak erabiltzeko izena emateko epea zabalik dago
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Udalak Egian dituen ortu ekologikoak lantzeko izena emateko epea zabalik dago irailaren 21era arte. Guztira 34 lursail daude banatzeko eta eskatzaile gehiago egongo balira zozketa bidez erabakiko litzateke esleipena.
Egiako ortu ekologikoak lantzeko izena emateko epea zabaldu du Galdakaoko Udalak irailaren 21era arte. Udalaren webgunean egin daiteke eta eskabideak egiteko zailtasunak izatekotan ESAN bulegoan laguntza eskatu daiteke, astelehenetik barikura, 8:00etatik 14:15era.
Guztira 34 lursail daude Egian banatzeko eta eskatzaile gehiago egongo balira zozketa bidez erabakiko litzateke esleipena, Udalak jakinarazi duenez.
Egiako zelaia 36 lurzatitan dago banatuta 40 m2 eta 50 m2 arteko azalera du zati bakoitzak, eta ortu gisara erabiltzeko prestatuta daude. Instalazio eta gune partekatuak ditu: aldagela, takilak, dutxa eta komuna dituen instalazioa eta nekazari lanabesak biltzeko eremu itxia.
Zati horietako 34 herritarren artean banatuko dira orain eta esleipena lortzen dutenek lau urtez erabili ahalko dute egokitutako lur zatia. Banaketan parte hartzeko beharrezkoa izango da, besteak beste, Galdakaon erroldatuta egotea, adin nagusikoa izatea eta Galdakaoko Udaleko zerga ordainketak egunean izatea. Bizileku bakoitzeko ezingo da lursail bat baino gehiago erabiltzeko baimena eskuratu.
Bestetik, bertako ortuak praktika ekologikoen arabera lantzea ezinbesteko baldintza da, eta egiteko horretan laguntzeko Udalak nekazaritza ekologikoei buruzko ikastaroa emango die erabiltzaileei.