Elexaldeko igerilekuetako taberna kudeatzeko lizitazioa atera du Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Hogei urtez itxita egon ostean, uztailean irekiko du Elexaldeko igerilekuetako tabernak. Behin egokitzeko obrak amaituta, Udalak taberna kudeatzeko lizitazioa atera du eta ekainaren 8ra arte egin daiteke eskaera.
Elexaldeko taberna hogei urtez itxita egon ostean, egokitzeko obrak abiatu zituen Udalak duela hilabete batzuk. Behin obrak amaituta, uztailean irekitzea aurreikusi dute baina aurretik lizitazioa atera dute, taberna kudeatzeko arduraduna bilatzeko.
Zabalik dago kudeaketa-lanak egiteko eskaerak bidaltzeko epea eta ekainaren 8ra arte egin daiteke. Epe tarte horretan kudeaketaren ardura hartzeko baldintzak betetzen dituztela ziurtatzeko agiriak aurkeztu beharko dira. Baldintzak betetzen dituztenekin harremanetan jarriko da Udala ondoren, gonbidapen bidez, eta interesdunek orduan aurkeztu beharko dituzte proposamenak.
Binkek jaso zuen moduan, 2.500 euroko gutxieneko alokairua eskatuko dute eta diru kopuru honekin Udalak egindako inbertsioa 30 urtetan berreskuratzea espero dute.
Udalaren webgunean daude jasota taberna kudeatzeko bete behar diren baldintza gutziak eta oinarriak, kontratatzailearen profilean.