Elexaldeko igerilekuetako taberna uztailaren 27an inauguratuko dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Binke
Hogei urte itxita egon ostean, Elexaldeko igerilekuetako taberna zabalduko da. Uztailaren 27an inauguratuko dute eta urte osoan zehar izango da irekita, ekitaldi kulturalak eskainiz, besteak beste.
Herrian urte askotan zehar erreferente izan den Elexalde auzoko igerilekuetako taberna irekiko da, hogei urte baino gehiago itxita egon ondoren. Urte osoan zehar zabalik izango da taberna eta ekitaldi kulturalak egingo dira bertan hilabetean behin, besteak beste.
Gaizka Sainzek kudeatuko du taberna berria beste bi bazkiderekin batera eta Sainzek Binkek laster argitaratuko duen elkarrizketan aurreratu digun bezala, inaugurazioa uztailaren 27an egingo da. Hurrengo egunetik aurrera aldiz, publiko guztiarentzako irekita egongo da.
Binkek jaso zuen moduan, irisgarritasuna hobetu dute tabernan egindako egokitze-obrekin. Barrualdean espazio zabalagoak egin dituzte, terraza bi jarri dituzte eta igogailu bat izango du tabernak, goiko pisura heltzeko. Halaber, guztiz hornitutako sukaldea du.
Tabernaren inguruko informazio gehiago laster eskainiko du Binkek Sainzen beraren ahotik.