Errege Magoek ilusioz beteko dituzte bihar Galdakaoko kaleak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: RTVE
Kolore eta gozokiz beteko dituzte bihar Galdakaoko kaleak Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek. Argizai Eskaut Taldeak eta Galdakaoko Udalak antolatutako kabalgata 18:00etan hasiko da Kurtzeko Plazatik eta aurretik elikagai bilketa egingo da GBGEren eskutik.
Beste urte batez, Errege Magoek Galdakao bisitatuko dute. Meltxor, Gaspar eta Baltasar herriko kaleetan zehar izango dira bihar 18:00etatik aurrera, gluten gabeko gozokiak banatuko dituztela umeen artean.
Aurten Gabone Izarra etorriko da erregeekin batera eta opari ez sexista bat emango die haurrei. Gurasoei mezu bat bidaliko die eta inklusioaren aldeko aldarrikapena egingo du Argizaiko begirale ohien laguntzarekin. Halaber, hauxe azpimarratuko dute: «Ez ginateke inoiz nekatu behar pertsona guztien eskubideak aldarrikatzeaz, baina, bereziki, zailtasun gehien dituztenenak».
Ildo honetan, Argizai Eskaut Taldeko antolatzaileek azaldu dutenez, kabalgata inklusiboa izango da. Erregeek umeak jasotzean ilara berezia izango da behar zehatzak dituzten haurrentzat, toki jendetsuak ekiditzeko. Halaber, ibilbidearen azken zatian musikaren bolumena jaitsiko da pertsona guztiek gozatzeko aukera izateko helburuz.
Kurtzeko plazan hasiko dute Errege Magoek ibilbidea eta jarraian Juan Bautista Uriarte zeharkatu, Zamakoatik igaro, eta Bizkai kaletik jarraituko dute kiroldegiraino. Azken honetan jaiotza biziduna ikusteko aukera izango dute familiek.
Bengoetxeako parrokian aldiz, Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek haurren gutunak jasoko dituzte eta txokolatada izango da Bengoetxeko Auzokideen Elkartearen eskutik.
Bestalde, Argizai Eskaut Taldeak eta Galdakaoko Boluntario Giza Elkarteak (GBGE) elikagai bilketa antolatu dute Kurtzeko plazan 18:00etan.