Estepan Goioaga izendatu dute Euskadiko Udaltzainburuen Elkarteko presidente
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Euskadiko udaltzain guztien ordezkari izateko aukeratu dute Estepan Goioaga udaltzainburu galdakoztarra EUBE elkarteko presidente. Kargua hartu berritan izan da berarekin Binke, eta elkartearen zein bere karguaren zereginak kontatu dizkio hedabide honi.
Hogeita hamar urtetik gora daramatza Estepan Goioaga galdakoztarrak udaltzain, bere udalerrian bertan, eta 11 urtetik hona udaltzainburu. Aurrerantzean, Galdakaoko udaltzainen nagusi izateari utzi barik eta gutxienez bi urtez, Euskadiko Udaltzainburuen Elkarteko (EUBE) presidente izango da Goioaga.
Otsailaren 10ean egin zuen EUBEk batzorde aldaketa, eta elkarteko kideek aukeratu zuten galdakoztarra datozen bi urteetarako presidente izan daiten. Kargua hartu berritan izan da Binkerekin, eta honi azaldu dio zuzendaritza-batzordea bederatzi kidek osatzen dutela: «Gutxienez EAEko herrialde bakoitzeko bi kide izan behar dira bertan, eta gainontzekoak, bozkatuenak direnak». Bizkaiko udaltzainburu bozkatuena izan da azken bozketan galdakoztarra, eta presidente berri aukeratu dute elkartean.
Goioaga 2014tik dabil zuzendaritza-batzordean buru-belarri, baina orain elkartea bera ordezkatzeko ardura izango du. «Azken finean, elkarteko presidente izatea Euskadiko udaltzain guztien ordezkari izatea da», zehaztu dio udaltzainburuak hedabide honi bere kargua hobeto ulertze aldera. Elkarte honek «udaltzaingoa bere tokian jartzea du helburu», kontatu du EUBEko presidente berriak, «eta orain arteko bidean jarraituko dugu, EAE mailan hartzen diren segurtasun irizpide eta erabakietan presente egon gaitezan udaltzainak ere; funtsean, gu baikara herritarrei hurbilen gauden administrazioaren agenteak».
Bere zereginen artean izango dira baita, esaterako, hedabideen aurrean aritzea eta gizartean sortzen diren gai eta eztabaidetan bozeramaile izatea, beti ere udaltzainak tarteko daudenean.
Kargu berri honek Galdakaorentzat eraginik izango ote duen galdetuta, udaltzainburu galdakoztarrak Binkeri aitortu dio «eraginen bat izatekotan, ona» izango dela.