Etxebizitzari buruzko plangintza egitea adostu du Galdakaoko udalbatzak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko udalbatzak urteko lehen osoko bilkura antolatu zuen atzo eta honetan etxebizitzari buruzko plangintza egitea adostu zuen, besteak beste. PSEk aurkeztu zuen gaiaren inguruko mozioa eta EH Bildu, Usansolo Herria eta Auzoak taldeek alde bozkatu zuten, eta EAJ abstenitu zen. Albiste honetan batu ditugu udalbatzak atzo adostutako neurri guztiak.
Atzo, urtarrilak 25, antolatu zuen aurtengo lehen osoko bilkura Galdakaoko udalbatzak eta hainbat gai eztabaidatu ziren hitzorduan. Besteak beste, PSE-EEk aurkeztutako etxebizitzari buruzko mozioa onartu zen, EH Bildu, PSE-EE, Usansolo Herria eta Auzoak-en aldeko botoa eta EAJren abstentzioarekin.
Onartutako mozioak honako hau batzen du: Galdakaon baldintzak betetzen dituzten eremuak tentsio handiko bizitegi merkatu gisa izendatu daitezela, herriko egoeraren azterketa eguneratu bat egitea, diagnosi hori kontuan hartuta hurrengo hiru urteetarako plangintza ezartzea, tenkatutako eremu izendapena beste gune batzuetara zabaltzeko aukera aztertzea eta hori guzti hori lau hilabeteko epean Jaurlaritzara igortzea.
Bestalde, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren mozioa babestu zuten Udal Gobernua osatzen duten taldeek. EH Bilduk pentsiodunen eskariz aurkeztutako mozioak 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ahalbidetzea eskatzen du.
Halaber, gardentasunari buruzko ordenantza hobetzeko aldaketa batzuk egitea, Udaldeko lanpostuen zerrenda eguneratzea eta Udalaren eraikin publikoak Zaintzen enpresari esleitzea onartu zuen udalbatzak; eta baita Galdabusaren erabiltzaileei bidaiak merkatzeko neurria indarrean jartzeko eskatzea. Honen bitartez gaur egun Creditrans txartela erabilita 0,60 euro ordaintzen den Galdabuseko bidaia 0,30 euro ordainduko da otsaila amaieratik aurrera.
Azkenik, eskola materiala herriko saltokietan erosteagatik diru laguntzak emateko oinarri arautzaileak behin betiko onartu ziren atzoko osoko bilkuran. Ondorioz, iazko irailetik datorren otsailaren 15era arte herriko dendetan erositako eskola materiala ordaintzeko diru laguntzak emango ditu Galdakaoko Udalak. Eskaerak eta horretarako fakturak otsailaren bigarren hamabostaldian aurkeztu beharko dira eta eskola materiala erosteko gastatutako dirutik, haur bakoitzeko gehienez 100 euro berreskuratu ahalko dute familiek.