«Europaren bihotz ustela», Yayone Altuna
Yayone Altuna Txarterina
BINKE / 2016ko maiatza
Europaren bihotz ustela
Tamalez, gaur ere, errefuxiatuentzat da prentsako lehen orria. Greziako kostaldera heltzen direnei ez zaie aukera larregi zabaltzen: 14.000 bat errefuxiatuk Idomeni kanpalekuan jarraitzen dute, lokatzez beteriko lur zatiaren gaineko kanpin-dendatan pilaturik, baldintza penagarrietan (erditu ere bertan egin behar dute, jaio berria ur putzu zikin batean garbituz).
Balkanetako bidean ere mugak itxi dituzte; hala ere, amorruari helduz, mugako ibai izoztua zeharkatzen saiatzen dira, haurrak eta pare bat tapaki lepoan hartuz, negar eta garrasi artean. Bestaldean polizia zain. Gutxi balitz, eraso faxistak, tiroketak… Nork baimentzen du guzti hau?
EBk eta Turkiak akordioa sinatu dute, Greziako kostaldera heltzen diren errefuxiatuak Turkiara zuzenean bidaltzea ahalbidetuz; guzti honen atzean 6.000 milioiko saria eta isiltasun hotza baldintzei buruz edota Turkiak Siriako gerran izan duen parte hartze zuzenari buruz. 2012an Giza Eskubideen saria jaso zuen Europa hark, bere izatearen oinarri duen Giza Eskubideen Hitzarmena urratu du guztiz. Inmorala, ilegala… Ez da tragedia bat, hau krimen bat da!