Euskal Herrian bizitako torturen inguruko solasaldia antolatu dute Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso
ARGAZKIA: Sortu
Galdakaoko Herriko Bentak Euskal Herrian bizitako torturen inguruko solasaldia hartuko du otsailaren 13an, Torturaren Aurkako Egunean. Julen Arzuagak eta torturak jasan dituzten bi galdakoztarrek parte hartuko dute saioan.
Otsailaren 13an berrogeita bat urte beteko dira Joxe Arregi Madrilgo Carabancheleko kartzelan hil zenetik. Familiak orduan salatu zuenez, poliziak atxiloketan zehar egin zion torturaren ondorioz hil zen eta ordutik Torturaren Aurkako Eguna gogoratzen da data honetan.
Hain zuzen, Euskal Herrian sufritu diren torturak gogora ekarri eta ezagutzera emateko asmoz, solasaldia antolatu dute otsailaren 13an Galdakaon, Herriko Bentan. Arratsaldeko 19:00etan izango da eta hiru testigantza entzuteko aukera izango dute gerturatzen direnek.
Batetik, Julen Arzuaga abokatu, idazle eta EH Bilduko parlamentariak parte hartuko du. Bestetik, torturak jasan dituzten bi galdakoztarrek haien esperientzia azalduko dute.
Antolakuntzatik azaldu dutenez, «aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea» bilatzen dute.