Galdakao Garbiketa enpresaren langileen soldata igotzea onartu du Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakao Garbiketa
ELA sindikatuak ezagutzera eman du urteetan zehar egindako mobilizazioen ostean Udala prest agertu dela Galdakao Garbiketa enpresako langileen soldata 500 euro hilean igotzeko. Sindikatuaren hitzetan, UGTk eta enpresa berak proposamena sinatzea da hurrengo pausoa.
Urteetan zehar mobilizazioak egin dituzte Bizkaiko bulego eta eraikinetako garbitzaileek soldata arrakalari aurre egiteko, Binkek jaso zuen moduan. Haien artean Galdakao Garbiketa enpresako langileak daude eta prozesu luze baten ostean Udalarekin akordio batera heldu direla iragarri dute.
ELA sindikatuak ezagutzera eman duenez, Galdakaoko Udala prest dago 500.000 euro gehiago inbertitzeko zerbitzu berrian. Kopuru horiek egunerokora eramanda, «adostu dugu emakumezko langileek 500 euroko igoera jasotzea hilean, aparteko hamabost ordainsaritan, soldata-arrakalaren plus gisa». Horren ondorioz, langileek 7.500 euro gehiago kobratuko lituzkete urtean.
Sindikatuaren hitzetan, proposamena UGT sindikatuari eta Galdakao Garbiketa enpresari bidali diete eta hauek sinatzea espero dute: «UGTren aldetik ez genuke beste jarrera bat ulertuko. Ez diegu eskatu lan egiteko, soilik eskatzen diegu irakur dezatela proposamena, hileko 500 euroko igoera dakarrena, eta sinatu dezatela». «Gauza bera Galdakao Garbiketak enpresari: saia zaitezte sinatzen», adierazi dute.
ELAtik Udalak egindako «ahalegina» eskertu dute, «bai edukian eta baita forman ere». Halaber, sindikatutik soldata arrakalaren kontra borrokatzen jarraituko dutela azpimarratu dute.