Galdakaoko eta Usansoloko ostalaritzak ateak ireki ahalko ditu, gune gorrian egonda ere
Koronabirusaren krisia
BINKE / 2021eko otsaila
Galdakaoko eta Usansoloko ostalaritzak ateak ireki ahalko ditu, gune gorrian egonda ere
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin du, behin-behinean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostalaritzak ateak ireki ahal izatea gaurtik aurrera —otsailak 9—, gune gorrian dauden udalerrietan ere.
Gaur, martitzena, arrazoia eman die Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalarien elkarteei. Otsailaren 4an, hiru lurraldeetako ostalaritzaren elkarteek Eusko Jaurlaritzak hartutako neurria bertan behera uzteko eskatu zioten Auzitegi Nagusiari, eta epaitzak arrazoia eman die taberna eta jatetxeei.
Horrela ba, Covid-19 gaitzak eraginda 100.000 biztanleko 500eko inzidentzia-tasa metatua gainditzen duten 5.000 biztanletik gorako udalerrietako taberna eta jatetxeek ateak irekitzeko aukera izango dute, gune gorrian egonda ere.
Egoera honetan dago Galdakaoko eta Usansoloko ostalaritza, eta Auzitegi Nagusiak behin-behineko erabakia sakonago aztertuko badu ere, ateak berriz irekitzea onartuko zaie gaurtik aurrera gure herrietako taberna eta jatetxeei.
Itxi aurreko baldintzak betetzen jarraitu beharko dute taberna eta jatetxeek. Hala nola, 20:00etan ixtea eta 06:00etan zabaltzea, edukiera %50ekoa izatea, pertsonen artean metro eta erdiko distantzia gordetzea, eta gehienez lau pertsona biltzea mahai baten inguruan. Gainera, jakina den legez, zutunik edo barran kontsumitzeak debekatuta egoten jarraitzen du.
Epaitza kaleratu eta berehala sartu da indarrean irekitzeko aukera. Hala ere, ostiralean batuko da berriro LABI teknikoa, eta bestelako neurri zorrotzen bat hartu dezake.