Galdakaoko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren kontratua urtebetez luzatuko du Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Felizvita
Galdakaoko udalbatzak osoko bilkura egin zuen eguenean, ekainak 27, eta besteak beste, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren kontratua luzatzea adostu zuen. Luzapena bi urtekoa izan ordez urte bakarrekoa izango da, «Udalak zerbitzua beregain hartu eta zuzenean kudeatzeko bidean pauso bat emateko».
Eguenean, ekainak 27, osoko bilkura egin zuen Galdakaoko udalbatzak eta hainbat erabaki hartu ziren honetan. Besteak beste, Emisio Gutxiko Eremuak ezartzea eskatzeko mozioa aurkeztu zuen EAJ-PNVk eta udalbatzak aho batez onartu zuen, BINKEk jaso zuen moduan.
Halaber, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren kontratua luzatzea adostu zuen Galdakaoko udalbatzak. Kontratuaren luzapena bi urtekoa izan ordez urte bakarrekoa izango da, kudeaketa zuzenerako aukera aztertzen ari delako Udala. «Zaintzarako zerbitzu hori enpresa pribatu baten esku utzi ordez Udalak beregain hartu eta zuzenean kudeatzeko bidean pauso bat da», azaldu dute Udaletik.
Kontratua 1.692.000 eurokoa da, adineko pertsonei eta menpekotasuna dutenei arreta etxean
ematen diena.
ELA sindikatuak Galdakaoko Udaleko alderdi politiko guztiei eskatu zien abiatu dezatela Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua publikoa bihurtzeko prozesua. Eskaera ekainak 25ean erregistratu zuten udaletxean eta honetan adierazi zutenez, gaur egun Udalak 48 langile azpikontratatuta ditu, denak emakumeak eta horietatik 11 behin-behinekoak.